
ZINEBI 50
Kanpo Gaietarako Ministerioaren menpeko organismoa zen Instituto Vascongado de Cultura Hispánica delakoak 1959an sortua, Certamen Internacional de Cine Documental Iberoamericano y Filipino de Bilbao (hau izan zen hasierako izena) Donostiako Zinemaldiaren –sei urte lehenago sortua- anai atxikia eta, nolabait ere, osagarri gisa jaio zen. Honen ekintza-eremua lurbira osoan zabaldu zen arin, eta, 1968rako, garai hartan Espainian pizten ari zen film laburretarako zaletasunaren harira, zine era honi lekua egin zion. Roberto Negrok zuzendari gisa egin zituen urte garaiarekin batera, zinemaldiak 1972 eta 1981 bitartean ezagutu zituen bere garai intentsuenak. Zeregin bikoitza bete zuen: Estatu mailan film laburrei buruzko eztabaidarako plataforma zen, eta, era berean, askotariko zinemagintzetatik eratorritako lanen hedalekua, Latinoamerikako zineari arreta berezia jarrita.
1974an, zinemaldiak Film Produktoreen Elkarteen Nazioarteko Federakundearen (FIAPF) aitorpena lortu zuen, hiru arlotan zinemaldi lehiakor gisa: fikzioan, dokumentalean eta animazioan. Nahiz eta aurreko bi urteetan, atzerriko modak eraginda, garai hartako zinemaldien mundua sakonki astindu zituzten 68ko urakanen ondorio gisa, uko egin zion edonolako palmaresari; izan ere, aldi baterako, aurkeztutako filmei parte-hartze egiaztagiri demokratiko batzuk eman zizkieten bertan.
Beste alde batetik, bilbotar zinemaldiari dagokio Trantsizio garaian cine vasco izenez ezagutzen zenaren hastapenerako arragoa izateko ohorea; izan ere, garai hartan, dirulaguntzetarako politika autonomikoen zoriaren arabera zabaldu edo murriztu egin zitezkeen nomina eratzen zuten izenetako askok euren arma laburrak saio hauetan belatu zituzten.
1981az geroztik, zinemaldia Bilboko Udalak bereganatu zuen instituzionalki eta 1987an, kudeaketarako, Arriaga Antzokiaren orbitan sartu zen. Hala, egoitza berria hau izango zen, Gran Viako zine areto klasikoa baztertuta; hau behin betiko desagertzean, garai hartako zinemaldiko oroitzapen gehienak ere haizeak neraman zituen.
Kudeaketa talde berri eta profesionalizatua iristearekin batera, Bilboko Zinemaldiak 2000 urteaz geroztik garai berri bati ekin dio, eta espezialitate honetan nazioarteko zinemaldien artean bere lekua sendotu du (gaur egunean, 2.000 izen-emate baino gehiago jasotzen ditu lehiaketarako). Bestalde, bere bidea bilatzen doa, euskal eta espainiar errealizadore berrientzako plataforma izaten jarraitzen du, eta ez da agortzen formula estereotipatuenen artisau-errepikapenean; izan ere, horren ordez, esperimentazio formalaren aldeko apustua egiten du, kultur produktu berrien hibridotasun esanguratsuaren alde, eta gero eta konplexuago den errealitate garaikidean arakatze hazkorraren alde.
Hala, Bilbon saritutako nazioarteko zinemaren izenen laburpen azkar bat eginda, hainbat izen ezagun aurkituko ditugu: Jacques Demy, Pierre Perrault, Michel Brault, Claude Lelouch, Gian Vittorio Baldi, Fernando Birri, James Blue, Santiago Álvarez, Robert L. Drew, Felipe Cazals, Peter Watkins eta Peter Mullan, besteak beste. Ildo honetan, esan beharra dago bilbotar zinemaldiak soberan bete duela horrelako kultur adierazpen bati eska dakiokeen zeregina: joera berrietarako eta zinema ulertzeko modu berrietarako froga-banku lana betetzea, hauetako egile ausartenetako batzuei harrera eginez eta marko espezializatu batean euren lanak ikusgarri izan daitezen aukera emanez.
Halako zerrenda bat, baina espainiar zinemagintzara mugatuta, eginez gero, ikusiko dugu gutxienez hiru belaunalditako zinegileak agertu direla zinemaldi honetan: Carlos Saura, Ramón Masats, Basilio M. Patino, Pío Caro Baroja, José Val del Omar, Javier Aguirre, Gabriel Blanco, Jaime Chávarri, Francisco Betriu, Imanol Uribe, Montxo Armendáriz, Julio Medem, Juanma Bajo Ulloa, Javier Rebollo eta Santiago Segura, besteak beste. Gure zinemaren nomina sortzailearen zati handi batentzat, Bilbon ostatu-hartze honek fruitu asko eta asko eman ditu, eta euren lanentzako beharrezkoa zen erresonantzi kaxa izan da, kritikaren, eta zenbaitetan ikusleen, begira-puntuan jarriz.
José Julián Bakedano
Santos Zunzunegu